Amurrioko Udalak Euskadiko Babesleku Klimatikoen Sarearen jardunaldi presentzialean parte hartu zuen atzo. Gasteizko Artium museoan egin zen, eta Ihobek antolatu zuen. Bertan, udalerriko klimaren babeslekuen sarea ezartzen eta aktibatzen izandako esperientzia azaldu zuen.
Jardunaldian, Euskadiko Babesleku Klimatikoen Sarea aurkeztu da. Ekimen honen helburua da lurralde osoan zabaltzea herritarrentzat irisgarriak, doakoak eta ezagunak diren espazioen sarea, populazioa babesteko klima-aldaketak eragindako tenperatura-igoeraren aurrean. Gainera, “Euskadiko Babesleku Klimatikoen Sarea. Toki-erakundeentzako irizpide teknikoak” argitalpena aurkeztu da, baliabide hori duten udalerrien esperientzia praktikoak jasotzen dituena.
Testuinguru horretan, Amurrio bere esperientzia partekatzera gonbidatutako herrietako bat izan da. Saioan, aktibaziorako udal-protokoloa zehaztu da. Protokoloa tenperatura altuengatik alertak ematen direnean jartzen da martxan, eta udal-zerbitzuen arteko koordinazioa eskatzen du, prestatutako espazioen irekiera eta funtzionamendua bermatzeko, bai eta herritarrei informazioa eta gomendioak zabaltzea ere.
Amurrioko klima-babeslekuen sarea Udal Liburutegiak, Kultur Etxeak, Nagusien Etxeak, Udal Kiroldegiak (atondoaren inguruan) eta udako igerilekuek (65 urtetik gorakoentzat eta haurdun dauden emakumeentzat) osatzen dute. Gune horiek leku fresko eta seguruak eskaintzen dizkiete herritarrei bero handiko garaietan, eta arreta berezia eskaintzen diete adinekoei, haurrei eta gaixotasun kronikoak dituztenei.
Ekipamendu horiez gain, Udalak bultzatutako kanpainak informazio eta sentsibilizazio neurriak jasotzen ditu, hala nola, aterpeen seinaleztapen espezifikoa, erabilgarri dauden espazioen mapa bat egitea eta WhatsApp, udal webgune eta sare sozialen bidez abisuak emateko sistema bat, tenperatura altuengatik alertak aktibatzen direnean.
Udaletik nabarmendu dutenez, “Amurriok jardunaldi honetan parte hartzeak agerian uzten du klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko eta herritarrak babesteko aspalditik egiten ari garen lana. Klima-babeslekuak tresna sinple eta eraginkorra dira, eta lehendik dauden azpiegiturez baliatzen dira bero-boladetan espazio seguruak eskaintzeko. Gure esperientzia beste udalerri batzuekin partekatzea gero eta beharrezkoagoa izango den babes sarea ikasten eta indartzen jarraitzeko aukera ere bada”.
Parte-hartze horrekin, Amurrioko Udalak klima-aldaketara egokitzeko eta herritarren ongizatea hobetzeko neurriak martxan jartzeko konpromisoa berretsi du.





