Noticias

Amurrioko Udalak eta Aiaraldea Komunikabideak elkarlana berreskuratu dute udalerriko euskararen biziberritzean elkarrekin eragiten jarraitzeko

Prentsa-ohar hau izenpetzen duten bi aldeek elkarlana berreskuratzeko borondatea adierazi eta euskararen biziberritzean pausu berriak emateko akordioa erdietsi berri dute

Lankidetza akordio berria erdietsi dute Amurrioko Udalak eta Aiaraldea Komunikabideak. Akordio horren bidez, Aiaraldea Komunikabideak udalerriko egunerokoaren berri ematen jarraituko ahal izango du euskaratik eta euskaraz, euskararen erabilera sustatzeko eta biderkatzeko helburuarekin, azken 15 urteetan egin duen bezala. Era berean, Amurrioko Udalak euskarazko komunikazioa sustatzeko baliabideak indartuko ditu udalerrian, elkarlan esparru berritu honen bidez.

Bi aldeek elkarri aitortzen diote hizkuntzaren biziberritzean aritzeko duten borondatea eta konpromisoa, eta bide horretan garatu nahi dute akordio berri hau, Amurrioko herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko eta biderkatzeko helburuarekin.

Azken hamarkadetan urrats esanguratsu asko eman dira euskararen biziberritze prozesuan. Euskaltegiak, ikastetxeak, komunikabideak, erakunde publikoak, euskara taldeak, kultur zein kirol elkarteak, eragile sozialak, norbanakoak… Guztien ekarpena berebizikoa izan da hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko.

Bide horretan, ezinbestekoa izan da beti elkarlanerako espazioak sortzea eta hauek indartzea. Erakunde mota ezberdinen arteko elkarlana, herritarren artekoa, ezberdinen artekoa. Inurri lan handiari esker, kontsentsu zabalak lortu dira euskararen biziberritzera bidean, eta etorkizunean ere lankidetza hori determinantea izango dela uste dugu Amurrioko Udalak eta Aiaraldea Komunikabideak ere.

Lankidetza akordio berritu hau ere norabide horretan kokatzen da, hizkuntzaren biziberritzea den erronka erraldoiari elkarlanean ekiteko, euskaltzale guztion ekarpena eta sinergiak behar dituelako, etorkizunean biziko bada.